02.12.07
Posted in Euskal Herria, Euskara February 12, 2007 at 17:16 by Arkaitz
Duela gutxi abian jarritako wikiproiektua da Asteko herrialdearena, baina onarpen oso ona izan du lankideen artean, eta asteroko herrialdeari buruzko eduki interesgarriak sortzea sustatzen du. Hori dela eta, aste honetan Euskal Herria da asteko herrialdea, honako hau Euskal Astea bezala izendatuz. Euskarazko Wikipedian nahitaezkoak eta oso garrantzitsuak ditugu Euskal Herria eta euskararekin lotutako artikuluak. Lagundu zuk ere hauek osatzen!
Permalink
01.25.07
Posted in Orokorra January 25, 2007 at 19:35 by Arkaitz
Wikipedia entziklopedia askea dugu, guztion artean sortu eta hobetutako edukiak batuz informazio eta jakintza ugari modu librean zabaldu eta erabiltzeko aukera eskaintzen du. Wikimedia Fundazioak abian jarritako proiektu honek badu bere euskarazko bertsioa ere bai, euskarazko Wikipedia. Bertan parte hartzen dugun lankideak gero eta gehiago gara, eta baita bertatik informazioa jasotzera pasatzen direnak ere.
Web 2.0an oinarritutako metodologia sozial honetaz baliatuz euskarazko entziklopedia baliotsu eta garatuena sortu dezakegula uste dugunez, berau indartu eta edukiak hobetuz dihardugu bertako erabiltzaileok. Euskaraz baditugu beste zenbait entziklopedia, hemen aipatuko ez ditugunak, baina Wikipediak badu berezitasuna: guztion artean eginez jakintza hori zabalagoa izateko aukera izateaz gain, beti eguneratua mantentzeko aukera ere eskaintzen du (badugu bertan, esate baterako, beste entziklopediek ez daukaten Iñaki de Juana artikulua, azken gertaeren arabera eguneratuta gainera).
Gure hizkuntzan dagoen entziklopedia aske hau sustatu eta hobetu asmoz sortu dugu blog hau. Edukiak hobetuz joateko jendea behar da, eta askotan eskuratzea zaila den informazio edo lankidetza hori lortzeko blog hau leiho aproposa izan daitekeela uste dugunez, Wikipedia hobetzeko sortutako proiektu eta ideiei buruz jakinarazi nahi dugu honen bitartez.
Blog kolektiboa beraz. Jarraituko duzu? Ongi etorri!
Permalink